Boluntarioen lanari aitortza, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK proben atarian

Aitziber Arzallus 2024ko api. 27a, 16:23

Atzo arratsaldean Sanagustinen egin zuten ekitaldia. (Maialen Etxaniz)

Datorren larunbatean izango dira Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioa, eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehendabizikoa. Azken orduko lanetan sartuta, lasterketen egunean laguntzen ariko diren 450 boluntarioei eskerrak eman zizkieten atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian, eta datorren larunbatak ekarriko duenaren inguruko informazioa ere gogorarazi zuten.

Gaur zortzi, maiatzaren 4an, izango da Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioa, eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehendabizikoa. Lagun Onak mendi bazkunak antolatu eta Domusa Teknikek babesten dituen bi kirol probetarako azken orduko lanetan sartuta dira antolatzaileak, eta atzo arratsaldean ekitaldia egin zuten Sanagustin kulturgunean azken hilabeteok eman dutenari errepasoa egiteko, datorren larunbatak ekarriko duenaren zertzelada batzuk aurreratzeko, eta batez ere bi probak gauzatzea posible egingo duten 450 boluntarioei eskerrak eman eta aitortza egiteko. 

Amaia San Vicentek gidatu zuen ekitaldia, eta emakumeen entrenamendu saioak aipatuz hasi zen. Bigarren edizioan hasitako bideari jarraituta, azken hilabeteotan emakumeei zuzendutako eta emakumeek antolatutako eta gidatutako bost entrenamendu saio egin dituzte, eta egitasmoak izandako arrakastaren adierazgarri, ehun bat emakumek parte hartu dutela adierazi zuen. Datorren larunbateko bi probetan zenbat emakume izango diren ere aurreratu zuen. Hain zuzen ere, 26 kilometroko proba 250 parte hartzaileetatik %30 izango dira emakumeak; eta 65 kilometrokoan, 550 parte hartzaileetatik %10.

Emakumeen parte hartzeaz gainera, inklusioa bultzatzea da Lagun Onak mendi bazkunak lasterketaren lehen ediziotik bere egin zuen beste helburuetako bat, Marea Urdinarekin elkarlanean. Ildo horretatik, aurten ere Ikasberriko Anoa Gune Urdina aniztasun funtzionala dutenen sendideen elkarteak kudeatuko du dozenaka boluntarioren laguntzarekin, eta horretaz aparte, kirol proben bezperako egunean, LHko ikasleentzat hitzaldi bana antolatu dute Azkoitian eta Azpeitian. Hain zuzen ere, Carmen Belmar izango da hitzaldi horiek emango dituena. Belmarrek erretinosi pigmentarioa eta miopioa magna edo miopia patologikoa ditu, eta horiei aurre eginda eta hainbat laguntzaileren bitartez, proba esanguratsuak egin izan ditu. Gainera, ikasleei hitzaldiak eman ez ezik, Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte ere hartuko du Belmarrek.

Ingurumena zaintzea Lagun Onak mendi bazkunaren beste konpromisoetako bat izanik, datorren larunbatean ahalik eta hondakin gutxien sortzeko hartu dituzten hainbat neurriren berri ere eman zuen San Vicentek. Horrela, plastikozko edalontzirik ez dute erabiliko batetik, 5.500 plastikozko edalontziren erabilera saihestuz; eta bestetik, bi litroko ur botilarik ere ez dute erabiliko, Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlanean, anoa guneetan 30 litroko bidoietan izango baitute ura.

Korrikalari ezagunak

Datorren astean herrian izango diren zenbait korrikalari ezagunez hitz egiteko tartea ere hartu zuen San Vicentek. Emakumeen artean, Gaztela-Mantxako (Espainia) Gemma Arenasek brontzezko domina lortu zuen Thailandian 2022an, eta Kataluniako Marta Molist taldekako urrezko dominaren parte izan zen Arenasekin batera. Bi kirolari horiek Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra –azken bi edizioetako irabazlea– eta Eli Rios boliviarra izango dituzte aurrez aurre proba luzean.

Gizonezkoei dagokienez, Miguel Heras izango da protagonista nagusia proba luzean. Gaztelarrak (Espainia) munduko ultra lasterkari onenen artean jarraitzen du 48 urterekin. 2024an Joma Trailek fitxatu du, eta zilarrezko domina eman zion taldeari Transgrancanaria 125K lasterketa esanguratsuan. Bestalde, Zaid Ait Malek Espainiako selekzioko beteranoa izan da hainbat munduko txapelketetan, eta maila handia du. Horiekin batera, urtez urte maila hobetzen ari diren beste bi lasterkari izango dira: Lluis Ruiz Oller kataluniarra (La Sportiva) eta Andres Jover kataluniarra (Lurbel Team).

Domusa Teknik Lana etxeko taldeak, bestalde, hirukote indartsua aurkeztuko du mundu mailako lasterkari horiei aurre egiteko: Borja Zubizarreta azkoitiarra –azken edizioko txapelduna– buru delarik, Goar Lopetegi ibarrarra (Gipuzkoa) eta Alvaro Ramos salamankarra (Espainia) izango dira lehian. Proba luzean ez ezik, motzean ere ospe handiko korrikalariek parte hartuko dute. Han izango dira, besteak beste, Domusa Teknik Lana taldeko bi liderrak: Onditz Iturbe bata, Espainiako trail txapelduna, eta Aritz Egea beteranoa, 2023an Espainiako Ultra Traileko titulua lortu zuena eta Domusa Teknik 40MLK probaren lehen edizioaren irabazlea. Iturbek aurrez aurre izango dira, besteren artean, Alba Sanegre eta Irantzu Txintxetru, ezustekoa eman dezaketen bi korrikalari.

Dortsalak jasotzea

Datorren larunbateko bi probetakoren batean parte hartu behar dutenek, ostiral arratsaldean edo larunbat goizean goiz jaso beharko dute dortsala Azoka Plazan. 08:00etan irtengo dira proba luzeko parte hartzaileak, 08:30ean motzekoak, eta 09:00etan eskola kiroleko ekintzen barruan Trail Martxa Urdina egingo duten gaztetxoak.  

Egitaraua 

Maiatzak 3, ostirala.

  • 10:30. Carmen Belmarren hitzaldia Soreasu antzokian LHko ikasleei.
  • 15:15. Carmen Belmarren hitzaldia Baztarton LHko ikasleei.
  • 17:00 - 20:00. Dortsal banaketa, Azoka plazan.

Maiatzak 4, larunbata.

  • 6:00-7:30. Dortsal banaketa Azoka plazan.
  • 07:30. Korralitoa.
  • 07:45. Korrikalari esanguratsuen aurkezpena.
  • 08:00. Domusa Teknik 40 MLK irteera.
  • 08:30. Domusa Teknik 15 MLK irteera.
  • 09:30. Trail martxa urdinaren irteera.
  • 10:35. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalaria helmugan.
  • 13:45. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalaria helmugan.
  • 17:00-21:00. Oihan Vega plazan.
  • 20:30. Elektrotxaranga (antolatzailea: AZTE)
  • 20:30. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongi etorria.
  • 21:00. Sari banaketa plazan.
  • 23:00. Sanagustien Anestesiaren kontzertua (antolatzailea: Kulturaz).

GUNE URDINEAN

  • 09:30. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalariari ongietorria. 
  • 11:00. Trail martxa urdinaren iritsiera eta inklusioaren aldarrikapen irakurketa.
  • 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak.
  • 11:00-18:00. Atracciones Sanzen puzgarriak.
  • 12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
  • 12:00-16:00. Eusko Labelen eskutik pintxo eta edariak.
  • 17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.