'Dena asmatuta dago' film laburra ikusteko eta protagonistekin solasteko aukera izango da bihar Dinamoan

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 17a, 09:06
'Dena asmatuta dago' filmaren irudia.

Xanti Agirrezabala azpeitiarra eta Jon Ander Urresti dira Jone Arriolak 2022ko Azpeitiko Sorkuntza Beketako bat jaso ondoren ondutako filmeko aktoreak. Hirurak Dinamoan izango dira bihar, proiekzioaren ondoren ikusleekin solasteko. Sarrera debalde izango da.

"Bainugela zahar bat, arrosa kolorekoa. Gelaren erdian bainuontzi bat eta bertan Lur (Xanti Agirrezabala) eta Martin (Jon Ander Urresti) porro bat erretzen daude. Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Ur eta lurrun artean, bikotea elkarrizketa deseroso baina beharrezko batean murgilduko da. Dena asmatuta badago, gure artekoa zer da?". Horrela dio Dena asmatuta dago film laburraren sinopsiak. Bikote protagonistaren arteko elkarrizketa deseroso horrek nora eramango dituen jakin nahi duenak bihar izango du horretarako aukera, Dinamoa sormen gunean emango baitute Dena asmatuta dago, 19:00etan hasita eta sarrerarik gabe.

Jone Arriola Lobete zuzendari elgoibartarraren lana da Dena asmatuta dago, eta Agirrezabala ez da filma Azpeitiarekin lotzen duen elementu bakarra. Izan ere, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren Sorkuntza Beka jaso zuen Arriolak 2022an filma egiteko. Bihar, zuzendaria eta aktoreak Dinamoan izango dira, proiekzioaren ondoren ikusleekin solasteko.